ABIZENAK ERE EUSKARAZ
KANPAINA ABIAN JARRI DA HERRIAN

‘ABIZENAK ERE EUSKARAZ’ KANPAINA ABIAN JARRI DUTE UEMAK, HERRIKO HEZKUNTZA ZENTROEK, UDALAK, UDAL EUSKALTEGIAK ETA ZAPARRAIEK
Echeverria, Aramburu, Corta, Aguirre, Zavala, Otaegui, Irulegui… herritar ugarik dituzte abizenak gaztelaniaz idatzita, eta horiek euskaraz jartzea sustatzeko Abizenak ere euskaraz kanpaina abiarazi dute Azpeitian, UEMAko kide diren beste hainbat udalerrietan bezala. UEMAk sustatutako egitasmoarekin bat egin dute Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Iraurgi Ikastetxeak, Urola Ikastolak, Uztaro haurreskolak, udal euskaltegiak eta Zaparraie taldeak.
Kanpaina honen xedea herritarrei abizenak euskaratzeko egin beharrekoaren informazioa helaraztea eta erraztea da. Horregatik, hainbat kartel eta esku-orri egin dira, azpeitiarrek abizenak euskalduntzeko jarraitu beharreko pausoak xehe-xehe azalduz. Euskarri horiek udal eraikinetan jarriko dira, eta kanpainarekin bat egin duten erakundeen eta eragileen sareetatik zabalduko dira.
UEMAren arabera, urte askoan euskarak jasandako “jazarpena” argi ikusten da abizenei erreparatzean. “Euskara ez ezik, izenarekin batera, izana ere ukatu zitzaien euskaldunei; eta abizenak erdal grafiarekin idaztera behartu zituzten belaunaldi bat baino gehiago. Horrela heldu da abizen ugari belaunaldi berriengana, eta gaur egun ere euskal abizen asko erdal grafiaz ikusten da agiri ofizialetan”. Horregatik, kanpaina honen sustatzaileentzat, “euskarari dagokiona itzultzeko modua” da euskal abizena “behar bezala” idaztea, euskaraz.
Abizena euskaraz jartzeko deialdia herritar guztiei egiten zaien arren, berebiziko garrantzia dute guraso izateko bidean direnek edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituzten herritarrek. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie. Horregatik, hezkuntza zentroen parte-hartzea nabarmentzekoa da kanpaina honetan.
Abizenak euskalduntzeko behar diren agiriak
Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, erraza da horiek aldatzeko prozesua. Epategian egin daiteke, zenbait agiri aurkeztuta. Honako hauek dira:
• Nortasun Agiriaren fotokopia.
• Jaiotza ziurtagiria. Epaitegian eskatu behar da. Online ere egin daiteke.
• Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da, baita online ere. (BAKQ edo beste ziurtagiri digitalen bat behar da online deskargatzeko)
• Familia liburua, ezkonduta dauden edo seme-alabak dituzten herritarren kasuan. Dena den, 2021 artean soilik egin dira familia liburuak. Halakorik ez duten familiek ez dute eraman beharrik.
Aurrez txanda hartu behar da, erregistro zibilen aurretiko hitzordu zerbitzuan. (Ziurtagiri digitalik gabe).